GIJON ETA OVIEDO

Asturiasko Printzerria Iberiar Penintsularen iparraldean kokatua dago eta mugante ditu sartaldean Galizia, sortaldean Kantabria eta hegoaldean Gaztela eta Leon. Kantauri itsasoaren aurrez aurre jarria eta klima epel eta heze batek gozatua, Asturias toki hauta da bisitariak atsegin har dezan hala itsasoan nola mendian.

Gijongo portua
Gijongo portua

Gijon

Hiri moderno, abegitsu eta irekia dugu Gijon. Bai hirian eta bai ingurumarietan badira hamaika berdegune eta kirol instalazio, eta berreskuratu eta babestutako ondare historiko-artistiko ugari. Bestalde, ekitaldi askoren egoitza da Gijon, usu egiten baitira bertan azokak, konbentzioak, kongresuak, kontzertu handiak eta era guztietako kirol eta kultur ekitaldiak.

Kantauri itsasoak ureztatua, Gijon hiria Torres lurmuturraren ekialdetik Cervigón muturraren mendebaldera bitartean hedatzen da, Santa Katalinako penintsulak hausten duen Gijon edo San Lorentzoko badiaren luzeran. Campa Torres izeneko tokian sortu zen Gijon Kristo aurreko V. mendean, zilurnigotarrek Noega deituriko herrixka sortu zutenean. Erromatarren konkistaren ostean, hiria ondoko itsasertzera zabaldu zen eta beste hirigune bat sortu zen jatorrizkoaren ondoan. Horrela sortu zen, Kristo ondoko I. mendean, Santa Katalinaren lepoan, Gigia deituriko gunea, gaur egungo Gijon hiriaren hazia. Gune horrek bazuen harresi bat (III. mendekoa) eta, ondoan, ontziralekua.

Gijon hiri historiko, komertzial eta industriala Asturiasko hiri handiena da. Itsasoa, mendiak eta hiria gozaro elkartzen dira bere baitan, Espainia iparraldeko hiri ederrenetako bat bihurtzeraino. Gijonek baditu jendea erakartzeko eta bere kaleetako zurruburru alaian murgiltzera berotzeko hamaika amu gozo: San Lorentzoko hondartza handia, itsasertzeko pasealekua, kirol portua, bere Aste Beltza, bizitza soziala, jai-giroa... Udan hiriak alaitasunez eztanda egiten du eta bizitza guztia kalean pasatzen da. Gijonen xarma turistikoa ez da horretara mugatzen ordea. Gijon Donejakue Bidearen ezinbesteko pasabidea ere bada, badauka museo sorta zabala eta kultur eskaintza ikaragarri aberatsa (Nazioarteko Zinema Jaialdia, Liburu Iberoamerikarraren Aretoa). Aipagarria da dituen museo batzuen originaltasuna: Trenbidearen Museoa, Gaitaren Nazioarteko Museoa... Beste museo batzuetan bere iragan loriosaren pasarte batzuk erakusten dira: Jovellanosen jaiotetxea, Nicanor Piñoleren museoa, Revillagigedo Jauregia...

Unibertsitate Laborala 40. hamarkadan egin zen, tamaina ikaragarria du (120 metrotik gorako dorrea dauka) eta hamaika kultur ekitaldiren egoitza bihurtu da. Kokatuta dagoen auzoa Cimadevilla deitzen da, eta goxoki nahasten ditu iragana eta orainaldia antzinako eraikin barrokoen ondoan etxe berriak tartekatuz. Eta, jakina, Gijonen irudia biribiltzeko, ezin utzi aipatu gabe bere gastronomia, bere dendak eta bere seme-alaben izaera txeratsua.

Toki interesgarriak:

Evaristo Valle Museo Fundazioa
Lorategi Botanikoa
Jovellanosen Jaiotetxeko Museoa
Terma Erromatarren Museoa
Asturiasko Trenbidearen Museoa
Asturiasko Herriaren Museo Etnografikoa
Juan Barjola Museoa
Nicanor Piñole Museoa
Revillagigedo Jauregia
Campa Torreseko Parke Arkeologiko eta Naturala

Oviedoko Katedrala
Oviedoko Katedrala

Oviedo

Kultur turismoaren bihotza eta Donejakue Bidearen eta Zilar Bidearen arteko bidegurutzea, Oviedo ondare monumental handi baten jabea da, museo multzo bikaina dauka eta bere museoetan biltzen du Asturiasko ondare historiko-artistikoaren altxor gehiena. Gaur eguneko Oviedo hiri ireki eta modernoa da eta bere izena nazioarte guztira zabaldua dauka Asturiasko Printzearen Sarien bidez, mundu guztiko hiriekin eginda dituen senidetzeen bitartez eta nazioarteko Opera jaialdiak ematen dion ospeaz.

Oviedo dugu Asturiasko Printzerriko hiriburua. Turistentzat erakargarri ugari ditu, hala nola, besteak beste, bere Alde Zaharra, bere katedral eta Ganbera Santuarekin, Campoamor Antzokia, hamaika kultur ekitaldiren egoitza (operak, musika jaialdiak, zine zikloak, erakusketak, arestian esandako Asturiasko Printzearen Sariak...), edo duela gutxi zabaldutako Felipe Printzea auditorioa. Bere monumentu multzo ikaragarriaren artean aipamen berezia merezi dute ondokoek: Santa Maria del Naranco, San Miguel de Lillo eta San Julian de los Prados, Gizadiaren Ondare izendatuak.

Azken hamarkada honetan Oviedoko alde zaharreko kale asko oinezkoentzat egokitu dira eta plaza zenbait berrantolatu. Lan horiekin batera hiri-altzari asko jarri dira (farolak, jarlekuak, lorontziak...), eta baita ere iturri eta eskulturak. Azken lanetako bat izan da “La Losa” izeneko azalera altu batekin trenbidea estaltzea eta RENFE eta FEVEren geltokiak bateratzea.


Toki interesgarriak:

Aula de Naturaleza La Manjoya
San Salvador basilika
San Tirso basilika
Santa Maria basilika
Katedraleko Ganbera Santua
Oviedoko katedrala
Foncaladako iturria
San Isidoro eliza
Santa Maria del Naranco eliza
San Pelayo monasterioa (lehen San Juan Bautista monasterioa)
San Vicente monasterioa
Asturiasko Museo Arkeologikoa
Alfontso III.aren Jauregia
Oviedoko Kongresu jauregia
Oviedoko Apezpikuaren Jauregia
Jatorrizko Katedraleko Multzoa
"Jardín de Pachu el campanero"ren eraikuntza hondarrak

ASTURIASKO HONDARTZAK

Aguilarko hondartza, Muros de Nalón kontzejuan
Asturiasko hondartza onenetariko bat.

Rodilesko hondartza
Villaviciosako kontzejua
Hondartza zoragarria surf zaleentzat.

Andringo hondartza
Llanesko kontzejua
Asturias sortaldeko hondartza ederrenetako bat

La Espasako hondartza
Caraviako kontzejua
Hondartza zabala, uretako jolas eta kirolak egiteko aukerakoa.

Silencioko hondartza
Cudilleroko kontzejua
Asturiasko sartaldeko hondartza politenetako bat.

Esteka interesgarriak: